2021eko martxoaren 15ean, 16an eta 17an, Gizarte Politikaren Espainiako Sarearen VIII. Kongresua egiteko asmoa dugu, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean antolatuta, Eguía Careaga Fundazioko SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren laguntzarekin, eta Gizarte Politikak Aztertzeko Europako Sarearen (Espanet) baitan. Pandemia-egoera dela-eta 2020ko uztailean egin ezin izan genuen kongresua, nahiz eta arrazoi berberagatik zenbait aldaketa tarteko, ia urtebeteren buruan egiten saiatuko gara, are motibazio eta gogo handiagoarekin.
Gizarte Politikaren Espainiako Sareak xede argi bat du: komunitate praktikoa eta jakintzazkoa izatea, gure inguruan herritarren ongizatea babesteko eta sustatzeko estrategia publikoak eraikitzen, inplementatzen eta ebaluatzen jarduten duten agenteentzat. Sarearen jardun horretan, kongresuak dira aurrerabide eta elkargune nagusiak (Oviedon, Madrilen, Iruñean, Alcalá de Henaresen, Bartzelonan, Sevillan, Zaragozan egin dira, eta hurrengoa Bilbon egingo da).
Oraingo honetan, “Bizitza zaindu, inklusioa bermatu, aniztasunean elkarbizi. Kontsentsuak eta erronkak” lelopean elkartu gara, eta lau galderari erantzuten saiatuko gara etengabe, bai kongresuan zehar, bai eta kongresuaren aurretik eta ondoren ere: Ba al dugu behar beste ebidentzia, zerbaitek funtzionatzen duela jakiteko? Partekatutako zer baliori ez diegu uko egin nahi? Zer adostasun kontzeptualetara heldu gara? Zer erronkari eman behar zaio lehentasuna? Horrela, adostasunak onartu eta erronkak identifikatu nahi ditugu.