Berriak

COVID-19aren epidemia dela-eta bertan behera geratu ondoren, Gizarte Politikaren Espainiako Sarearen VIII. Kongresua 2021eko martxoaren 15ean, 16an eta 17an izango da Bilbon, batik bat formatu birtualean.

Osoko saioen programa eguneratua laster emango da ezagutzera; saioak Deustuko Unibertsitatean izango dira, arratsaldez, eta modu presentzialean zein telematikoki parte hartu ahal izango da.

Panelei eta gaikako mahaien programei dagokienez, Kongresuaren egun berberetan izango dira, goizez eta formatu birtualean. Nahiz eta hasieran aurreikusitako gai-egitura, funtsean, bere horretan uztea izan asmoa, mahai bakoitzeko koordinatzaileak laster jarriko dira harremanetan txostenak aurkeztu dituzten pertsonekin, mahai bakoitzaren konfigurazioari buruzko informazioa emateko.

 

Horrenbestez, agur

2020ko Eurokopa jokatuko da ekainaren 15ean, 20an, 24an eta 28an Bilbon. Hori dela eta, Gizarte Politikaren Espainiako Sarearen VIII. Kongresuaren batzorde antolatzaileak kongresua egingo dugun egunetarako logelak aurkitzeko eta ostatua garaiz erreserbatu ahal izateko egon daitezkeen zailtasunak aurreikusi nahi izan ditu.

2020ko uztailaren 1etik 3ra Bilbon egingo den REPSen VIII Kongresurako komunikazioak aurkezteko epea zabalik dago. Epea 2020ko urtarrilaren 31n amaituko da. Pertsona bakoitzak gehienez hiru komunikazio aurkeztu ahal izango ditu.

Gaur, 2019ko azaroaren 11, panelen eta lan-mahaien behin betiko zerrenda argitaratu da. Azaroaren 18an, komunikazio proposamenak bidaltzeko epea zabalduko da, eta 2020ko urtarrilaren 31ra arte geratuko da zabalik.

2021ko martxoaren 15, 16 eta 17

logo-eusk-hor

2021eko martxoaren 15ean, 16an eta 17an, Gizarte Politikaren Espainiako Sarearen VIII. Kongresua egiteko asmoa dugu, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean antolatuta, Eguía Careaga Fundazioko SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren laguntzarekin, eta Gizarte Politikak Aztertzeko Europako Sarearen (Espanet) baitan. Pandemia-egoera dela-eta 2020ko uztailean egin ezin izan genuen kongresua, nahiz eta arrazoi berberagatik zenbait aldaketa tarteko, ia urtebeteren buruan egiten saiatuko gara, are motibazio eta gogo handiagoarekin.

Gizarte Politikaren Espainiako Sareak xede argi bat du: komunitate praktikoa eta jakintzazkoa izatea, gure inguruan herritarren ongizatea babesteko eta sustatzeko estrategia publikoak eraikitzen, inplementatzen eta ebaluatzen jarduten duten agenteentzat. Sarearen jardun horretan, kongresuak dira aurrerabide eta elkargune nagusiak (Oviedon, Madrilen, Iruñean, Alcalá de Henaresen, Bartzelonan, Sevillan, Zaragozan egin dira, eta hurrengoa Bilbon egingo da).

Oraingo honetan, “Bizitza zaindu, inklusioa bermatu, aniztasunean elkarbizi. Kontsentsuak eta erronkak” lelopean elkartu gara, eta lau galderari erantzuten saiatuko gara etengabe, bai kongresuan zehar, bai eta kongresuaren aurretik eta ondoren ere: Ba al dugu behar beste ebidentzia, zerbaitek funtzionatzen duela jakiteko? Partekatutako zer baliori ez diegu uko egin nahi? Zer adostasun kontzeptualetara heldu gara? Zer erronkari eman behar zaio lehentasuna? Horrela, adostasunak onartu eta erronkak identifikatu nahi ditugu.

Kongresuaren egoitzak

universidad_deusto
Universidad del País Vasco. Bizkaia Aretoa

Lehenik eta behin, bizitza zaintzeaz mintzo gara. Izan ere, seguru asko, lurraldeetako bizitzaren beraren jasangarritasuna ardura handiagoko auzia da, ongizatea baino. Batetik, ingurumen-jasangarritasuna da, gizakiok dugun ekodependentzia dela medio; eta bestetik, jasangarritasun erlazionala, muturreko interdependentzia horrengatik. Gizarte-politikak, gizarte-politikek, beldurrik gabe heldu behar diote erronka argi bati: lurralde honetan geure burua zaintzeko modua edo moduak antolatzeari.

Bigarrenik, gure ustez, pertsona ororen gizarte-inklusioa bermatzeak izan behar du, oraindik ere, gizarte-politikaren eta gizarte-eskubideen bermearen helburu estrategiko eta ildo nagusia, batez ere gizarte-bazterketako mekanismo zaharrak zein berriak indartzen ari direnean. Gure Sareak zehatz-mehatz eta xehetasun osoz jarraitu behar du aztertzen gizarte-inbertsioaren zenbatekoarekin eta itzulkinekin zerikusia duen oro, horren unibertsaltasun eta pertsonalizazioarekin zerikusia duen oro, bai eta biztanleen gaitasun eta baliabideen aurrebanaketarekin eta birbanaketarekin lotutako alderdi oro ere.

Azkenik, aniztasunean elkarrekin bizitzeak ardura eta kezka sortzen dizkigu. Gizarte-politikek, beren arrakastagatik askotan, zailtasun, segmentazio eta aniztasun berri eta handiagoak eragin dituzte herritarren artean. Horren ondorioz, beste erronka bati egin behar diote aurre: kontratu sozialak berriro formulatu, edukiz hornitu eta legitimatu behar izateari, eskala makrosozial eta mikrosozialean eta belaunaldi-, funtzio-, kultura- eta genero-aniztasunarekin lotutako alderdietan, komunean dugun hori eraikitzeko, komunitatea eraberritzeko eta diskriminazioari aurre egitrko.

Gure hurrengo kongresuaren bidez, beste urrats bat eman nahi dugu Gizarte Politikako Espainiako Sarearen konfigurazioan, hainbat agente hartzen dituen ekosistema bat izan dadin: esparru akademikoa, agente politikoak, lanbideen kolektiboak, administrazio publikoak, ikerketa-zentroak, hirugarren sektorea, berrikuntza-plataformak, gizarte-mugimenduak eta herritarrak oro har. Elkarrekin, zorroztasun eta adierazgarritasun handiagoa eman nahi diegu gure eztabaida eta aurkikuntzei, bai eta gizarte-politika osoan eta bertako adar, ardatz edo eremuetan egin ditugun ekarpenei eta proposamenei ere.

Pandemiak eta pandemiak eragindako mota orotako ondorioek, ezbairik gabe, giro emozionala, erronka intelektuala eta pizgarri morala dakarte, energia, zorroztasun eta konpromiso handiagoz aplikatzeko gizarte-berreraikitze prozesuetan erabakigarriak izango diren gizarte-politikak aztertu, birpentsatu, ebaluatu, bultzatu eta artikulatzeko zereginean.

Anima zaitezte, une honetatik bertatik, #REPSBilbao2021 kongresuan parte hartzera. Ongi etorri!